Ekintza A1

A.1. Diagnosia, lurralde azterketa eta adierazleen identifikazioa

A1 ekintzaren bidez itxuraberritze proiektuetako nondik norakoak ezartzeko orduan ziurgabetasun maila murriztu nahi da, eskualde biogeografiko osora heda daitezkeen kudeaketa irizpideak ezartzeaz gain.

Proiektuko eremu geografiko desberdinetan hezeguneei buruzko kontserbazio egoera eta kudeaketa arazoa berrikusteko lehenengo fasean egiaztatu denez, jardun ahal izateko beharrezko gutxieneko informazioa okerra da:

  • Natura 2000ko formulario normalizatuetan jasotako informazioan akatsak eta inkoherentziak daude,/li>
  • eskuragarri dagoen informazio kartografikoan eta bibliografikoan ere,
  • eta zohikatz habitatek Natura 2000 Sarean duten ordezkaritza okerra da.

Prestaketa ekintza honetan hainbat azterketa garatuko dira, proiektua egin ahal izateko beharrezko ezagutza hobetze asmoz:

a) Proiektuko kokaguneetako habitaten tipifikazioa eta karakterizazioa.

Ingurumen arloko karakterizazioa: Paleo-ingurumeneko tekniketara joko da. Hala, sedimentazio tasa homogeneoa eta garrantzitsua duten arloetako metaketa naturaletan trantsekuak egingo dira, epe laburretan aldagarritasun klimatikoa erregistratu dezaketela kontuan hartuta. Horietan perkusio zunda bat erabiliko da sedimentu organikoak jasotzeko.

Sedimentu zutabeak izoztu egingo dira laborategian landu arte, palinomorfoak eta mikrohondarrak berreskuratu eta aztertzeko ohiko teknikei jarraiki. Bihotzen datak teknika sedimentologiko isotopikoak aplikatuz ezarriko dira. Sekuentziak eskuratu ondoren, “hindcasting” tekniken bidez landuko dira, gune bakoitzean dauden hezeguneetako habitat eta espezie bereizgarrien banaketa arloko aldaketak berreraikitzeko, beren egungo banaketarekin alderatuta. Azterlanetako kontserbazio ekintza zehatzak egiten dituzten udalerrietan aterako dira laginak. Ekintza horietan sartuko dira jardueren definizioa, ziurgabetasunaren murrizketa edo proiektuaren onuradunek dituzten paleo-ingurumen datuak osatzeko neurriak.

Karakterizazio fisiko-kimikoa: Erabiliko diren metodo estandarizatuetan parametroak in situ zehaztu ahalko dira (O2ren kontzentrazioa, eroankortasun elektrikoa, gazitasuna, pHa eta uhertasuna), edo laborategian bertan. Hala, mantenugai nagusiak, katioiak, anioiak, metal astunak, solido esekiak eta DBO5ak aztertuko dira.

Lan horietan, era berean, PAM teknologia fluorometrikoaren erabilera jasoko da, eta, beraz, hezegune horietako landare baskularren estres mailari, fenologiari eta denbora dinamikari buruzko datuak aurkeztuko dira. Populazio horien dinamika naturalean eragin dezaketen aldaketak antzemateko asmoz egiten da ebaluazioa. Ziklo termikoen gaineko eraginak baloratzeko, tenperatura (airea, lurra, ura) eta hezetasuna (airea, lurra) etengabe erregistratzeko sentsore sarea ezarriko da eta dauden geltoki meteorologikoetako datuekin egiaztatuko da.

Aztertu diren espazioetarako habitat kartografia eskuragarria osatu eta eguneratzeko, bereizmen altuko urrutiko sentsoreek ateratako irudien sailkapen azterketa (SPOT 5, Quick Bird, Ikonos), aireko ortoargazkien azterketa (Aireko Ortoargazkien Plan Nazionala) eta landako datu jasotzea hartuko dira oinarritzat.

Lurraldean egondako erabilera aldaketen eragin altua (batez ere aziendaren bilakaeraren ondorioz) jasan duten zohikatz habitaten kokaguneetan azken 25 urteetan zehar izandako habitat dinamikaren jarraipena egingo da. Horretarako, izaera eta bereizmen desberdineko irudi historikoen bildumetan oinarritutako aldaketen azterketa hartuko da abiapuntutzat. Hala, bilakaeraren joerak identifikatu ahalko dira, klima aldaketak habitat eta espezieengan duen eraginaren harira etorkizuneko eszenatokiak planteatu ahalko dira, eta etorkizuneko mehatxuek kontserbazioan izan ditzaketen eraginak identifikatu eta prebenituko dira.

b) Proiektuko kokaguneetarako adierazleen identifikazioa.

Habitatak tipifikatu eta karakterizatzeko lanei esker, itxuraberritze ekintzak gauzatuko diren tokietan proiektuan aztertutako habitaten kontserbazio egoera baloratzeko beharrezko adierazleak identifikatu ahalko dira (C1-C10 ekintzak). Adierazle komun horiek proiektuaren baterako jarraipena egiteko balioko dute (D1 ekintza) eta kokagune bakoitzean osatu egingo dira, beharrezkoa den heinean.

Adierazle horiek identifikatzeko, jardun behar den kokaguneetan eta beren kontserbazio egoera onagatik erreferentziazkoak diren beste batzuetan egingo da lan.

Atal honetan sortutako informazioa kontserbazio ekintza zehatzak diseinatu eta egiteko proiektuaren garapenean zehar erabiliko da. Era berean, ondoren, Nafarroako eta EAEko, hurrenez hurren, N2000ko espazioak kudeatzeko proiektuan parte hartzen duten autonomia erkidegoen Natura 2000 sareko agintari eskudunek erabiliko dituzte.