C1 Ekintza

C.1. Nafarroako gune atlantikoarekin lotutako habitat eta zohikaztegietan itxuraberritze ekintzak egitea, eraginak prebenitzea eta kudeaketa egokia egiteko azpiegiturak sortzea

Lau itxuraberritze jarduera egingo dira, toki hauetan antzemandako batasunaren intereseko 4020*, 6410, 7140 eta 7150 habitaten kontserbazio egoera hobetzeko.

Jarduera horiekin 6420 habitata eta habitat hauen egitura mantentzeko gakoak diren eta mehatxatuta dauden landaretza espezie batzuk ere sustatuko dira: Carex hostiana eta Rhynchospora fusca (7150rako), Spiranthes aestivalis (IV. eranskina).

 

1. Zuzenketa hidrologikoa

Helburua Alkurruntz, Belate eta Lixketan sistemako uraren irteera atzeratzea da. Horretarako, dike bidez itxiko dira drainatzeak eta drainatze zangak ikusezin bihurtuko dira, lursaila eskuz irregular bihurtuko delarik. Egurrezko dike txikiak jartzean, gainera, zenbait tokitan geruza freatikoa igoko da eta hezetasun maila desberdinetako tokiak sortuko dira (putzu iraunkor txikiak, behin-behinean urez betetako guneak, larre hezeak eta abar).

Belateren kasuan jarduera hori arrakasta handiz gauzatu zen (2008-2009), baina hezegunearen beste toki batzuetan dike berriak jartzea komeni dela uste da.

 

2. Pisten erabileraren ondoriozko mehatxuei aurrea hartzea eta eraginak zuzentzea

Lixketa, Maulitx eta Belate kokaguneetan, lur orotako ibilgailuak mendiko sastrakadi eta bazkalekuetara sartzean sortutako mehatxuak eta eraginak identifikatu dira.

Lixketan, drainatzearen ondoriozko eraldaketez gain, kokagunea mendebaldetik 100 metrotan inguratzen duen pista bat dago. Kasu honetan, proiektuak bermatu egin behar du kokagunearen funtzionamendu hidrologikoa pistaren erabilerarekin bateragarria dela.

Maulitxen, arazoa Lixketakoaren antzekoa da, baina, gainera, kokaguneko espezie esanguratsuenen populazio batzuk (Lycopodiella inundata) pistaren trazaduratik oso gertu daude, eta, ondorioz, egokitzapena are delikatuagoa da.

Belaten, 2008az geroztik itxuraberritzen ari den zohikaztegi hesituaren perimetroko pistak urez betetako gune txiki bat eta ubide txiki bat zeharkatzen ditu, eta, ondorioz, tarte horietan landaretza apurka-apurka eraldatzen da.

 

3. Abeltzaintza kudeatzeko azpiegiturak instalatzea

Belateko zohikaztegian eskuratutako esperientziak berresten duenez, maneiua balio naturalen kontserbazioarekin bateragarria dela bermatzeko abeltzaintza itxiturak instalatu behar dira. Baina, batzuetan, itxiturak instalatzean abereek kokagune hezeetan (batez ere udarik idorrenetan) egiten duten presioa arintzen duten eta askarako diren iturrietarako sarbidea mugatzen da. Hori dela eta, beharrezkoa da aska berriak egokitzea. Aska horiek, era berean, beren abereak bertan dituzten eta inguru horretako jarduera nolabait mugatuta ikusten duten (batez ere hesituta dauden tokietara sartzeko mugengatik) abeltzainentzako konpentsazio neurria dira.

TREMEDALek abeltzaintza itxiturak jarri nahi ditu Alkurruntz, Arxuria, Mendaur, Okolin eta Xuriainen, eta aska toki berriak jarri nahi ditu Alkurruntz, Lixketa, Maulitx, Okolin, eta Xuriainen.

 

4. Landaretza naturala berreskuratzea

Europako Iparraldeko beste eskualde batzuetako esperientziak ezagutu eta dokumentatu diren arren, lan eremuan ez da honelako jarduerarik garatu.

Belaten eta Xurianen, guztira 500-100 m2-ko gunean, azalera txikiko partzeletan (2 m2) garatuko den ekintza pilotu honi esker, landaretza itxuraberritzeko bi teknika alderatu ahalko dira:

  • beste gune batzuetako espezie bereizgarrien landaretza propaguluen eta esfagno tapizen translokazioa eta
  • esfagno tapizen eta landaretza propaguluen ekoizpena negutegiko baldintza kontrolatuetan, ondoren translokatzeko.

Aurreikuspenen arabera, eskuz egingo da lan gehiena eta kokagune desberdinetako espazio komunak erabiliko dira, nahiz eta espezien zerrenda eta baldintzak proiektuaren idazkuntzan bertan zehaztuko diren.

  • Menyanthes trifoliata translokatzeko saiakera bat egingo da. Landare hau Belaten antzeman zen arren, bertatik desagertu da.
  • Baita Carex hostiana (Belate eta Arxurian) eta Rhynchospora fusca eta Spiranthes aestivalis (Arxurian) espezieen populazioaren hedapena eta indartzea ere.