C.3. Arreo-Caicedo Yusoko lakua (Batasunaren Garrantzizko Lekua) ingurumen aldetik itxuraberritzea
Lursailak erosteaz eta ondoren erabilera aldatzeaz gain, honako jarduerak egingo dira:
1. Landaretza naturala berreskuratzea
a) Lakuko errekako galeria basoa berreskuratzea. Urtaro izaera nabarmena duen ibaiaren ibilbide honetan ibai landaretza etena dago; gotorleku txikiak (makal eta guzti), zumeak eta zuhaixka erako estratu bat, zingirako landaretzarekin harremanetan. Inguruko ale txikiak landatuko dira, gehienez bi izerdidunak edo adar aldaxketatik atereak, espeziearen arabera. Bi aldeetan landatuko dira, B1 ekintzako erosketaren xede diren partzeletatik doazen 800 metroetan zehar. Honako espezieak landatzea aurreikusi da: Prunus spinosa, Fraxinus excelsior, Salix atrocinerea, Salix eleagnos, Alnus glutinosa, Anemone nemorosa, Ulmus minor, Euonymus europaeus eta Corylus avellana.
b) Baso masa landareztatzea basoaren bazterrean. Lakuaren inguruan, masegar-lezkadiak apurka-apurka mendiko garriga azpi-hezeak (9340), erkametz submediterraneoak (9240) eta amezdun guneren bat sortuko ditu, lursailaren esposizioaren arabera. Ekintza honen bidez, basoaren eta laboreen artean ematen den aldaketa hain bortitza murrizteko plantazioak proposatzen dira. Hala, garrigaren mugan dauden bi gune itxuraberritzen dira, narriatutako edo ia desagertutako landaretza hobetuz eta dibertsifikatuz:
- iturburu gaziaren inguruan mendiko garriga azpi-hezedun baso bat lortu nahi da, Quercus ilex subsp. rotundifolia, Q. faginea eta Juniperus communis bezalako espezieak landatuz.
- garriga-erkametz trantsizio basoa, amezti elementuekin, Quercus ilex subsp. rotundifolia, Q. faginea, Q. pyrenaica, Crataegus monogyna eta Juniperus communis bezalako espezieak landatuz.
c) Lakutik hurbilen dagoen tokian masegar-lezkadiaren birsorkuntza naturalaren bidezko aurrerapena sustatzea. Azterketa topografikoaren (A2 ekintza) emaitza kontuan hartuta, lursailaren hasierako morfologia lehengoratzeko eta habitat interesgarriak itxuraberritzeko modua zehaztuko da. Baliospenen arabera, % 14 berreskuratu ahalko da, hau da, 7210*, 7230, 1410 eta 1510* erako habitaten 1,5 hektarea.
d) 6210* habitata itxuraberritzea. Lehen aipatutako habitatak (9240, 9340, 7210*, 7230, 1410 eta 1510*) itxuraberritzen ez diren nekazaritza partzelen azaleran gauzatuko da itxuraberritze ekintza.
2. Higadurari aurrea hartzea
Lakuak duen arazoetako bat iparraldeko ezpondaren oreka falta da. Lur jausiak saihesteko, ezinbestekoa da inguruan landaretza mantentzea, higadura deuseztatu edo gutxitzeko, eta higadura eragin dezaketen erabilerak mugatzea. B1 ekintzan sartzen da ezpondaren goiko aldean dauden jabetza partikularreko bi partzelaren erosketa, gainerakoa jabetza publikokoa izanik. Erosketa horrekin lursailaren gaineko erabilerak mugatuko dira. Landaretzari dagokionez, landaketak egiteko aukera baztertu egin da, erkamezti eta artadiekin ondo baino hobeto hornituta baitago.
3. Fauna aloktonoa kontrolatzea
a) Arrain hazkuntzako espezieak: Bi metodo espezifiko erabiliko dira:
- Arrantza pasiboa brankia sareekin, begi irekiera desberdinak dituztela, urik sakonenak dituen lakuaren kubetan, eta arrantza elektroikoa kostaldean, sakontasun gutxira eta irteten ari den landaretzarekin.
- Arrantza elektrikoa lakuaren perimetroan, iparraldeko ezpondan salbu, gunearen desorekarekin ondorioz eta urek arin-arin hartzen dutelako sakontasun jakin bat.
b) Karramarro gorria: Bi metodo erabiliko dira:
- Hartze pasiboa, karramarro nasak erabiliz.
- Hartze zuzena, eskuz eta salabardo eta saskien laguntzaz.
4. Jolas erabileraren arauketa.
Lakua inguratzen duen landaretza oso ahula denez eta ura hartzeko eta fauna aloktonoa sartzeko praktika baimen gabeak daudenez, lakura sartzeko egungo tokiak itxi edo zaildu egingo dira eta sarbide debekua ezartzen duten seinaleak jarriko dira.
Sarbide bakar eta berri bat sortuko da, kudeaketa eta jarraipenerako langile baimendunek baino ezingo dutelarik erabili, eta itxita egongo da.
N2000 espazioaren erabilera publikoa errazteko, baina aldi berean habitatik ahulenak babesteko, Aintzirako Andra Maria ermitaren ingurua egokituz beste espazio bat erraztuko da, erabilera publikoa bideratze aldera. Leku hori hezegunetik bereizita dago, auzo errepidearen eta labore guneen bidez, eta, ondorioz, erabilera publikoa kontzentra dezake eta, hala, hezegunearen gaineko ondorio negatiboak saihestu.