Belate

Kokagunearen izena: Belate
Babes kategoriak: ES2200018 Belate BGLn sartzen da. Bere ingurumen balioagatik babeseko lurzoru urbanizaezin gisa jasota dago, hezeguneen artean, “Nafarroa atlantikoa” eta “Eremu zentrala” izeneko Lurraldearen Antolamenduko 2 eta 3. Planetan.
Kokagunea: Baztan eta Ultzama.
Eskualdea: Nafarroa
Erreferentziazko koordenatua: 30TXN1166, 30TXN1167, 30TXN1266, 30TXN1267.
Hezegunearen azalera: 40´31 hektarea.
Altitudea: batez beste 835 metro.

Ikusi mapa

Belate

 

Toki honetara egiten den ur ekarpena lausoa da hegaletatik eta beste iturbegi batzuetatik, eta drainatze naturala, aldiz, iparralde eta hego-mendebaldeko hobien bidez egiten da batez ere. Haran itxian hidrologikoki independenteak diren bi azpiarro daude. Horietako bakoitzean ura hainbat iturbegitatik edo azaleratze gune lausoetatik iristen da eta hobien bidez desagertzen da:

  • azpiarro nagusia haran itxia hegoaldean ixten duen hegaletik errekasto lauso gisa irteten den errekak sortzen duena da, zohikaztegia dagoen tokian, eta ondoren iparralderantz jaisten da, ondo zehaztuta. Urpean sartu baino apur bat lehenago, mendebaldetik jaisten den eta garrantzi txikiagoa duen albo erreka batetik jasotzen du ura. Erreka honek haran itxiaren ibilguan egin duen indusketa sakona nabarmena da. Higadura honen ondorioz gune lohitsu txikiak agertu dira ezpondetan eta oso garrantzitsuak dira, egun Belateko landaretza higroturbosoaren komunitate nagusietako batzuk bertan baitaude.
  • Mendebaldeko azpiarroa gutxienez hiru errekastok osatzen dute. Azpimarratu beharra dago ez duela inolako harreman hidrologikorik zohikatz metaketa dagoen azpiarro nagusiarekin. Azpiarro honen mendebaldeko aldean hainbat errekasto sortzen dira ofiten hegalaren beheko erdian garatutako kolubioietik. Horietako bi jarraituak eta ibilgu nabarmendunak dira, eta iparraldean eta ipar-mendebaldean dauden hobietan desagertzen dira. Depresio batzuetan ura azaleratu eta inguru paraturbosoak sortzen dira. Gainera, hirugarren errekasto etenkor batek, ibar txiki batean sakonean, azpiarroaren erdigunetik hegoaldeko hobira jaisten den isurketa lausoa jasotzen du.

Bibliografiaren eta gunea ezagutzen duten pertsonen lekukotzen arabera, leku honek eraldaketa sakona jasan du, batez ere azken 30 urteetan.

Gaur egun larreek estaltzen dute funtsean toki hau, ingurumen paraturboso eta errekastoekin. Belateko benetako zohikaztegia hegoaldean dago eta mugatutako eremuaren zati txiki batean kokatzen da (0,255 hektarea). Gaur egun ia ez dago landaretza higroturbosoaren hondarrik, baina oraindik zohikatz metaketa garrantzitsua dago.

Errepidea eraiki denez, Matrakola mendiaren hegalen oinetan azaleratzen diren urak egun hegoalderantz drainatzen dira, errepideko arekatik, eta errepidearen beste aldeko arekako uretara gehitzen dira. Bere jatorrian, ur horiek azpiarro nagusia elikatuko lukete.

BALIORIK ESANGURATSUENAK

Berezitasuna
Belaten dago Nafarroako zohikatz metaketa garrantzitsuenetako bat.

Balio biologiko eta ekologikoak
Garrantzi berezia duten flora espezieen presentzia nabarmentzen da, besteak beste Alopecurus geniculatus, Barbarea intermedia, Carex brizoides, Carex hostiana, Equisetum fluviatile, Arnica montana edo Senecio doronicum espezieena.

Gainera, toki garrantzitsua da 6410 eta 7140 Batasunaren Intereseko Habitatak kontserbatzeko.

Balio historiko eta paleoekologikoak
Metaketa honen (Peñalba 1989) azterlan palinologiko bat dago, eta, beraz, Kuaternarioan zehar Iberiar Penintsularen iparraldean egondako landaretzaren bilakaerari buruzko ezagutza nahiko urriaren oinarrietako bat da. Artxibo historiko hau oso interesgarria da iraganeko klima eta landaretza eta eskualdean gizakiaren presentziak izandako eragina ezagutzeko.

Batasunaren Intereseko Habitatak

Habitata  
6230* Nardusdun belar eraketak, espezie ugarirekin, mendialdeko (eta Europa kontinentaleko mendialdeen azpietako) substratu silizeoen gainean
6410 Molinia caeruleadun larreak, substratu karetsu, zohikaztsu edo buztintsu-limotsuetan (Molinion caeruleae)
7140 Trantsizio zohikaztegiak

 

Flora

Belaten lagindutako ingurumen desberdinetan guztira 204 taxon antzeman dira (167 baskular eta 37 briofito), nahiz eta horietako batzuk, Biurrun (1999) eta Herasek (1192) aipatuak, ez diren gero ikusi, esaterako Menyanthes trifoliata.

Belaten Nafarroako zohikaztegi eta zohikatz inguruetako berezko espezie gehienak daude. Taxon turbofilo nabarmenak honakoak dira Eriophorum angustifolium eta Carex hostiana; era berean, toki honetan bazkaleku higrofiloetako espezie arraroak (Carex brizoides, Senecio doronicum) eta urez betetako eta nitrifikatutako lurretakoak (Alopecurus geniculatus, Barbarea intermedia) daudela esan beharra dago.

Fauna
Belate Nafarroako odonatuen kontserbaziorako interes berezia duen arloa dela esan ahal izateko adina espezie dago. Hiru espezie gailentzen dira; Coenagrion mercuriale, Coenagrion scitulum eta Sympetrum flaveolum. Coenagrion mercuriale Habitaten Zuzentarauko II. eranskinean jasotzen da, baita Espainiako Ornogabeen Liburu Gorrian ere, “ahul” kategorian. Bai Coenagrion scitulum, bai Sympetrum flaveolum Espainiako Ornogabeen Liburu Gorrian daude, “ahul” kategorian (UICN). Era berean, Rosalia alpina koleopteroaren presentziagatik ere nabarmentzen da Belate. Espezie hau Habitaten Zuzentarauko II. eranskinean agertzen da eta tokia inguratzen duen eta interes ekologikoa duen zuhaiztian ikus dezakegu.

EGUNGO EGOERA

Belatek aldaketa handiak jasan ditu, eta, beraz, toki askotan zohikaztegietako berezko landaretza galdu egin da.

Azken urteetan berorren kontserbazioa hobetzeko ekimen desberdinak egin dira bertan. 2001. urtean bi itxiera egin ziren esfagno populazioak zeuden guneetan, ganadua kanpoan uzteko asmoz. Itxiera horiek CEDERNAk (Eduardo González) finantzatutako proiektuaren esparruan gauzatu ziren. 1999-2001 “Ondare natural, artistiko eta historikoa balioztatu eta itxuraberritzeko proiektua”.

2008an, eta aurreko lanetan oinarrituta, “Belateko zohikaztegia itxuraberritzeko proiektua” (GAN, Nafarroako Gobernua) gauzatu zen, la Caixako Gizarte Ekintzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmenaren bidez finantzatua. Proiektu honekin tokiko landaretza turfogenoa epe luzean birsortzeko beharrezko baldintzak itxuraberritu nahi ziren, eta, hala, zohikatz metaketa babestu zen, batetik hezeguneko dinamika hidrologikoa itxuraberritzeko jarduerak eginez, eta, bestetik, hezeguneko abeltzaintza kudeaketarako zuzentarauak ezarriz. Neurri horiek monitorizazio programa batekin osatu ziren. Programa horretan, hartutako neurriak egokiak ote ziren, edo, bestalde, etorkizunean egokitu edo aldatu behar ote ziren ebaluatzen zen.

Itxuraberritze ekintza horren barruan, era berean, zohikaztegien balio naturalak hedatu ziren, Belate BGL bezalako esparruan, Nafarroan habitat hauen ordezkaritza baliotsuenak bertan egon daitezkeela kontuan hartuta.

Lanak amaitu zirenetik 5 urte igaro direnean, egindako ekintzek zohikaztegiaren egoera nabarmen aldatu dutela esan genezake. Zehazki, zohikatz guneekin lotutako landaretza komunitateak garatu egin direla antzeman ahal izan da.

KUDEAKETA ETA KONTSERBAZIORAKO ZUZENTARAUAK

Toki honetan itxuraberritze hidrologikoko ekintza berriak egin behar dira, lehendik jardun ez den guneetan. Urez betetako guneak zeharkatzen dituzten ibilgailuentzako bideak zuzentzea ere garrantzitsua da. Abeltzaintzaren kudeaketa arautzen jarraitzea ere beharrezkoa da, habitat hezeak kontserbatzeko lehentasunezko helburuarekin. Gainera, zohikatz guneetako landaretza berreskuratzeko proiektu pilotu bat egitea komenigarria litzateke berau galdu den eta birlandaratze naturala konplikatua den guneetan. Azkenik, tokia baliozkotzeko ekintzekin jarraitzea beharrezkoa da.

FOTOS ARGAZKIAK

belate