Arxuria

Kokagunearen izena: Arxuria
Babes kategoriak: Bere ingurumen balioagatik babeseko lurzoru urbanizaezin gisa jasota dago, hezeguneen artean, “Nafarroa atlantikoa” izeneko Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko 2. Planean.
Kokagunea: Baztan
Eskualdea: Nafarroa
Erreferentziazko koordenatua: 30TXN1689, 30TXN1689, 30TXN1789, 30TXN1790.
Hezegunearen azalera: 18’31 hektarea.
Altitudea: 475-540 m.

ikusi mapa

Arxuri

 
Toki hau muino edo hesi itxi batean dago, eta, bertan, ura ateratzeko zailtasunak agertu dira. Arroa erdi itxia da, ekialderantz irekiago dago eta hegoaldean erreka batek inguratzen du, malda jaisten den tokirantz. Kolubioi guneak daude mendebaldean, Arxuriako gailurretik eremu handiagoak eta aktiboagoak daudela, eta ipar-ekialdean. Bietan daude hainbat iturbegi.

Toki honetako lekurik altuenetan hainbat iturbegi daude (batzuk beste batzuk baino lausoagoak eta aktiboagoak), eta horietatik luzera desberdinetako emari kanalak irteten dira; hala, beherago errekasto garrantzitsuak bihurtzen dira batzuk. Beste batzuk, bestalde, desegin eta kolubioian desagertzen dira.

Erdigunean eta ekialdeko bihurgunean bi zohikatz metaketa daude, erdikoa delarik handiena, sakonena eta azterketa palinologikoa jasan duen bakarra (Peñalba 1989).

Iturbegietako kanalen, isurketaren eta gainazalaren azpitik doan ura zohikatz metaketetatik drainatzen da, ibarren bidez, errekara iritsi arte, mendebaldetik ekialdera. Erreka hau arroaren ekialdean desagertzen da, bat-batean metro bat inguru sakontzen denean bloke eta buztin artean. Arroaren ekialderantz doan errekarekin komunikatuta dago, sakanean.

Ez dago ur libredun laminarik, Arxuriako oinaldean eta errekaren tarte txikietan drainatze urak jasotzen dituen putzu txiki bat salbu.

BALIORIK ESANGURATSUENAK

Berezitasuna
Arxuria Nafarroan zohikatz metaketa handiena duen tokietako bat da.

Balio biologiko eta ekologikoak
Flora baskularrari dagokionez, hiru espezie hauek azpimarratu behar dira: Rhynchospora fusca, Drosera intermedia eta Pinguicula lusitanica. Habitaten artean, BIH 7150ren presentzia hedatua azpimarratu behar da.

Balio historiko eta paleoekologikoak
Azterlan palinologiko bat dago (Peñalba 1989) eta Espainiako Iparraldean aztertutako artxibo historiko apurretako bat osatzen du. Artxibo horretan Arxuriako oinaldean dagoen metaketa bat deskribatzen da, gehienez 111 zentimetroko sakonera duena. Arroaren erdialde iparraldean dagoen metaketa honek, bi kolusio mailaren artean, 0,8 hektarea okupatzen ditu, 370 metroko perimetroarekin. Gune hori zertxobait konkortuta dago, erikazeodun eta Sphagnum spp. eta Leucobruim glaucum espezieen populazio txikidun larrez estalia. Ur putzu gutxi ikusi direnez eta esfagno gune txikiak daudenez, zohikaztegiaren gune hau nahiko aktibo dagoela pentsa daiteke. Ekialdean metaketa askoz txikiago bat dago, 0,19 hektareakoa eta 162 metroko perimetroduna, eta ur estaltze maila askoz txikiagoa eta geldoagoa da.

Batasunaren Intereseko Habitatak

Habitata Izena
4020* Erica ciliaris eta Erica tetralixen gune epeletako txilardi heze atlantikoak
4030 Txilardi lehor europarrak
6230* Nardusdun belar eraketak, espezie ugarirekin, mendialdeko (eta Europa kontinentaleko mendialdeen azpietako) substratu silizeoen gainean
6410 Molinia caeruleadun larreak, substratu karetsu, zohikaztsu edo buztintsu-limotsuetan (Molinion caeruleae)
7140 Trantsizio zohikaztegiak
7150 Onsporion taldeko landaretza, zohikazdun substratuetako depresioetan aurkitzen dena

 

Flora
Arxuriako ezaugarririk deigarriena Rhynchospora alba eta Drosera intermedia espezieen ugaritasuna da, baina azpimarratu beharra dago, era berean, Eriophorum angustifolium, Menyanthes trifoliata, Genista anglica eta Dryopteris carthusiana espezieen presentzia kubetan eta Rhynchospora fusca, Pinguicula lusitanica eta Sanguisorba officinalis espezieena hegaleko iturburuetan. Bai Pinguicula lusitanica, bai Drosera intermedia “habitataren eraldaketarekiko sentikor” gisa jasotzen dira Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoan.

Floraren aberastasuna altua da: 72 espezie baskular eta 20 briofito erregistratu dira, 6 esfagno espezie barne.

Fauna
Mehatxu faktoreak larba habitaten suntsipena edo eraldaketa, eta, batez ere kanalizazioak dira. Ubideen egitura naturala mantendu edo itxuraberritu behar da, ur gehiago edo gutxiago duten guneekin eta alboko beso txiki azalekoekin, espezie honen ugalketa tokia direlarik. Onychogomphus uncatus (Charpentier, 1840). Espezie hau trantsektutik at aurkitu dugu, Arxuriako zohikaztegiaren inguruan, ubide urriko errekastoetatik hurbil, 2009ko uztailaren 12an eta 25ean. Onychogomphus uncatus ♂ Bertizko jaurerria 2009-uztaila-19. Kontserbazio estatusa; “Espainiako Ornogabeen Liburu Gorrian” sartua, UICN “ahula” kategorian, B2ab(iii) irizpidea.

EGUNGO EGOERA

Toki hau kontserbazio egoera onean dago, eta ez da arroaren eraldaketaren zantzu garrantzitsurik antzeman (drainatze zangak, dikeak, azpiegiturak, eta abar). Zanga ez oso sakon bat soilik antzeman zen zohikatz metaketa nagusiaren hego-mendebaldeko mugan.

Arxuriako zohikaztegiko gune batzuetan, ganaduaren ondorioz lurra kendu egin da. Narriadura gune horiek daude BIH 7150 delakoan, toki honetako flora espezierik garrantzitsuenak dauden tokian (Rhynchospora fusca, Drosera intermedia, etab.). BIH 7150ren kontserbazioaren eta eragin neurtuaren artean dagoen oreka ahulari eustea da Arxuriako zohikaztegiak behar duen alderdi esanguratsuenetako bat abeltzaintza kudeaketan.

2011n drainatze zanga zuzentzeko lehenengo jarduera bat gauzatu zen, egurrezko eta buztinezko dike txikiak instalatuz. Proiektu hau la Caixako Gizarte Ekintzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetzan gauzatu zen. Landaretzaren eta habitaten bilakaeraren jarraipenari esker, jarduera honen arrakasta ebaluatu ahalko da.

2011n, era berean, flora interesgarriaren presentziadun habitat eta eremuen kartografia zehatza egin zen. Horri esker, ganaduak epe luzean izandako efektua ebaluatu ahal izan zen.

Azkenik, tokiari balioa emateko bost ekintza garatu ziren. Ibaineta toki ibilbidea egokitu zen eta azalpen liburuxkak argitaratu ziren. Elizondon informazio puntu iraunkor bat jarri zen, Nafarroako Natura 2000 Sareari eta Haranean dauden tokiei buruzko informazio orokorra zehaztuz.

KUDEAKETA ETA KONTSERBAZIORAKO ZUZENTARAUAK

Tokia kontserbatzeko helburuak lortzeko, helburu hori ase nahi duten abeltzaintza kudeaketarako eta espezie eta habitaten bilakaeraren jarraipen eta zaintzarako zuzentarauak ezarri behar dira. Espezie batzuen populazioak hobetzeko, ganadua kanpoan uzten duten behin-behineko itxiera txikiak instalatzea interesgarria izan daiteke. Toki honek interes altua dauka naturari eta ondareari dagokienez, eta oso garrantzitsua da Europako intereseko habitat eta espezieen kontserbaziorako. Hori guztia dela eta, ES2200015 Orabideako errekastoa BGLn sartu beharko litzateke. Azkenik, hezegune honen balioak bertako herritarrei eta bisitariei hedatzen jarraitzea komeni da.

FOTOS ARGAZKIAK

P1000376

P1000375

 

 

P1000380

P1000386