Jaizkibel

Kokagunearen izena: Jaizkibeleko gune higroturbosoak.
Babes kategoriak (behintzat zein BGLetan sartzen den): ES2120013 Jaizkibel BBEan sartzen da.
Herria: Jaizkibel mendia Pasaia, Hondarribia eta Lezo udalerrien artean banatzen da, Gipuzkoan.
Eskualdea: Euskadi (Gipuzkoa).
Azalera: 1’1 hektarea
Altitudea: 160 metro (gutxieneko altuera 16 metro; gehieneko altuera 182 metro)
Erreferentziazko koordenatua (UTM 1xkm 1) nahikoa da:

Orientaziozkoa WP9300. Tokika:

 

 

 
Jaizkibel mendiak kota neurtuak ditu, 500 metrokoak, itsasoaren mailatik neurtuta. Gipuzkoako kostaldean kokatzen da, Frantziarekiko mugaren ondoan SW – NE norabide nagusian doan kosta lerroarekiko orientazio paraleloan.

Ameztietako landaretza eraketak dauzka, nahiz eta garairik gazteenak (larreak eta txilardiak) diren ugarienak. Jaizkibelen ikus daitekeen biodibertsitate aberasgarri garrantzitsu bat hareazko mendigune honen funtzionamendu hidrogeologikoarekin lotzen da. Deskarga gune txiki ugari sortzen ditu, oso sakabanatuak daudenak BBEan zehar, landaretza espezifikodun “irlak” osatuz. Horien artean, proiektu honekin duten harremana dela-eta, trantsizio zohikaztegiak (Batasunaren Intereseko 7140 Habitata) eta Cladium mariscus espeziearen eraketak (7210* lehentasunezko habitata) nabarmendu behar dira.

BALIORIK ESANGURATSUENAK

Berezitasuna
Jaizkibeleko eraketa higroturbosoak garrantzitsuak dira, toki honen berezko balioagatik. Izan ere, habitat bereiziak uztartzen dituzte, larre, txilardi eta zuhaiztiz osatutako mosaikoaren biodibertsitatea aberastuz, inguruko sistemei baliabideak emateaz gain, azken horiek uraren erabilgarritasunarekin oso lotuta egonik (faunarentzako ur kontsumorako eta hazkuntzarako guneak, flora espezieen birkolonizaziorako tokiak, eta abar).

Balio biologiko eta ekologikoak

Zohikatz eraketak dituzten bi hezegune mota bereizten dira: azidofiloak eta oinarrizkoak edo karedunak. Ugarienak, hareazko litologia nagusi izanik eta plubiometria indizea altua izanik, azidofiloak dira: trantsizio zohikaztegiak edo padura azidofilo-esfagnadiak (7140), txilardi eraketa hezeekin harreman dinamikoan (4020*). Iturbegi, muino eta hegal hezeetan edo ibaien ibilgu txikiarekin lotutako tokietan agertzen dira, uren zirkulazio geldoko gune ureztatuetan.  Substratuaren azidotasunera, hezetasunera eta mantenugaien (Sphagnum generoko briofitoak, esaterako) garbiketara egokitutako flora da nagusi. Iturri hidrikoa mistoa da, isurketaren (azalekoa eta lurpekoa) eta euri zuzenaren emaitza bera, eta habitata oso kaltebera da elikadura uraren ezaugarri oligotrofoak mantentzeari dagokionez.  Lurra urez bete-beteta dago, eta, ondorioz, zapalketekiko kaltebera da, nahiz eta neurri batean hori positiboa ere baden, habitata birsortzen duten espezieen populazio osasuntsuak eta egoera dinamiko desberdinak mantentzen laguntzen baitu. Horrek sistema berreskuratzeko gaitasuna areagotzen du, horixe delarik toki mailan kudeaketa gaitasun urria duten fenomenoei (klima aldaketa, besteak beste) aurre egiteko dauden estrategia urrietako bat.

Oinarrizko zohikatz eraketei dagokienez (lehentasunezko 7120* habitata), ordezkaritza bakarra dago Jaizkibelen. Datu hori logikoa da izaera nagusiki silizeoa kontuan hartuta. Hala ere, kareharri hareatsuak tartekatzen dira, ibar txiki batean sortzen diren erreka txikietako ura azkar asko karbonatuz kargatzen direlarik eta kareharrizko zohikaztegiak sor ditzaketelarik. Baldintza mineralotrofiko hauek errekaren ahoan sortzen dira batez ere, itsasoaren mailatik 3 metrora, ibarra handitzen den eta gune lau eta handia sortzen den tokian. Bertan, komunitate hori ezartzeko baldintza egokiak betetzen dira. Metro gutxitara errekako ura itsasora isurtzen da. Cladium mariscus espeziearen eraketa haritz pedunkulatuz (Quercus robur), amezti gaztez (Quercus pyrenaica) eta itsas pinuz (Pinus pinaster) zipriztindutako iraleku-otadi batek inguratzen du.

Balio historiko eta paleoekologikoak
Aurreikuspenei jarraiki Jaizkibeleko toki higroturbosoetan ez dago zohikatz metaketa esanguratsurik, ikuspuntu paleoekologotik erreparatuta.

Batasunaren Intereseko Habitatak

  • 1230 kostako labarrak
  • 4020* Erica cillaris eta Erica tetralixen gune epeletako txilardi heze atlantikoak
  • 4030 txilardi lehor europarrak
  • 4040* kostako txilardi lehorrak
  • 4090 txilardi oromediterraneo endemikoak elorri triskarekin
  • 6510 altitude baxuetako segabelardi txiroak
  • 6230* Nardusdun belar eraketak
  • 6210 belardi lehor seminaturalak eta kare substratuetako sastraka eiteko formazioak
  • 6210* aurreko habitata, orkidea komunitate garrantzitsuekin
  • 6420 Molinion-Holoschoenioneko belar altuen belardi heze mediterraneoak
  • 7140 trantsizio zohikaztegiak
  • 7210* Cladium mariscus espeziearen eta Caricion davallianae espeziedun kare zohikaztegiak
  • 91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieen baso alubialak
  • 9230 Harizti galaiko-portugaldarrak, Quercus robur eta Quercus pyrenaicarekin.

Flora
Jaizkibelen bere mehatxu mailagatik edo jarauntsiak izanagatik esanguratsuak diren hainbat flora espezie daude. Bertako berezko espezie mehatxatuak daude: itsaslabar eta kostaldetakoak (Armeria euscadiensis VU, Iris latifolia VU, Koeleria albescens VU eta Radiola linoides NT), basoetakoak (Quercus suber NT), erreketakoak (Hymenophyllum tunbrigense VU, Trichomanes speciosum VU eta Woodwardia radicans VU eta Dryopteris aemula NT) eta gune higroturbosoetakoak (Dryopteris carthusiana VU, Drosera intermedia EN, Thelypteris palustris EN, Pinguicula lusitanica NT eta Spiranthes aestivalis VU). 1941ean Jaizkibelen Rhynchospora fusca espeziearen presentzia zegoela jaso zen, baina ez da berriz ere aurkitu.

Fauna
Ez dago Jaizkibeleko gune higroturbosoei lotutako faunari buruzko berariazko informaziorik. EAEn duen banaketari erreparatuz gero, Zooteca vivipara espeziea (sugandila bizierrulea) egon daitekeela pentsa daiteke.

MEHATXUAK

Mehatxu handiena landare espezie inbaditzaile baten (Baccharis halimifolia) ugaritzea da, espezie autoktonoak ordezkatzen dituelako eta ingurua eraldatu dezakeelako, bere sustraien eta orbel ekoizpen ugariaren bitartez sedimentazioa eraldatuz. Abeltzaintza karga ere esanguratsua da, nahiz eta berez ez den mehatxu bat. Gehiegizko kargak gune higroturbosoa desegituratu dezake, eta zapalketarik ez badago, bestalde, balio handiko espezie heliofilo eta aitzindariak desagertu egiten dira. Halaber, zakartze prozesu horretan eraketa higroturbosoen ordez balio gutxiagoko beste batzuk nagusitzen dira.

KUDEAKETA ETA KONTSERBAZIORAKO ZUZENTARAUAK

Abereak itxiera bidez kontrolatzean, inguru higroturbosoek errekuperazio fisiko ona izan dute, baina emaitzak anitzak izan dira landare komunitateen kasuan. Orokorrean, abererik ez egotean ingurua zakartu egin dela ikusi ahal izan da. Hala, garai aitzindarien balioa galdu da, garai horietan Pinguicula lusitanica eta Drosera intermedia bezalako espezie heliofilo interesgarriak zeudela kontuan hartuta.

Proiektu honetan Jaizkibeleko zohikatz habitaten eta habitat higrofiloen ordezkaritzetarako aurreikusitako jarduerak honakoak dira:

  1. Ipinita dauden hesietan pasatzeko aukera ematen duten itxierak jartzea. Hala, abereak era kontrolatuan sartu ahalko dira, paduren beharrizanen arabera.
  2. Hesiak jartzea. Aztertutako padura azidofiloetako bat hesirik gabe mantendu da, kontrol neurri gisa. Sartzeko aukera ematen duen hesi bat jarriko da, gainerako paduretan bezala.
  3. Baccharis halimifolia espeziea kontrolatu eta kentzea. Jaizkibelen dauden padura azidofiloei eta padura basofiloaren laginari eragiten die. Padura azidofiloetako bati eragiten dioten Alnus cordata espeziearen aleak ezabatuko dira.
  4. Alnus cordata espeziearen plantazio bat ordezkatzea. Aurreko jarduerari dagokionez, padura azidofiloaren ondoko plantazioaren zati bat ezabatzea planteatu da.
  5. Bi padura azidofiloetan dauden sastraka eraketa trinkoetan entresaka egitea. Gainerakoan neurri hau aplikatuko da, soilik abeltzaintza kontrola landare eraketen zakartzea saihesteko nahikoa ez dela uste bada.

 

FOTOS ARGAZKIAK