Tremedal LIFE Natura proiektu bat da, helburutzat hartzen duena Iberiar Penintsulako iparraldeko hezegune kontinental batzuei atxikita dauden eta EBren interesekotzat jotzen diren habitat eta espezie mota batzuen kontserbazio egoera hobetzea eta haien biziraupena epe luzera bermatzea.
Hori lortzeko xedez, ekintza hauek garatuko ditu:
- Ezagutza hobetzea, zohikatz habitaten presentzia, banaketa eta karakterizazioari buruzko informazio eguneratu eta homogeneoa eskuratuz eta haien kudeaketa eta itxuraberritzea hobetzeko esperientziak bilduz.
- Habitat horiek itxuraberritzeko eta epe luzean kontserbatzeko proiektuak garatzea (nekazaritza erabilera aldatzea, zuzenketa hidrologiko eta topografikoko neurriak, habitat interesgarriak birlandatu eta berreskuratzeko neurriak, espezie exotikoak ezabatzea eta abeltzaintzaren kudeaketarako azpiegiturak jartzea).
- Gizartea informatzea eta sentsibilizatzea hezegune kontinentalek -oro har- eta zohikaztegiek eta inguru higrofiloek -zehazki- dituzten ingurumen balioez eta ematen dituzten ingurumen zerbitzuez.
Proiektu honen xede diren Batasunaren Intereseko eta Lehentasunezko Habitaten artean honakoak nabarmentzen dira: esfagno zohikaztegi azido batzuk (7130*, 7140, 7150), inguru zingiratsu karedunak (7210*, 7230) belardi hezeak eta segabelardiak (6410, 6510) eta igeltsu gaineko laku karstikoak (3190).
Proiektuaren xede diren Batasunaren Intereseko flora espezieen artean Eryngium viviparum, Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis eta Spiranthes aestivalis gailentzen dira.