LIFE TREMEDAL proiektuko “Zohikaztegiei buruzko lan taldea” Lugon bildu zen (2014/11/20)
LIFE TREMEDAL proiektuko “Zohikaztegiei buruzko lan taldea” Lugon bildu zen azaroaren 17tik 19ra, lan saio bat egiteko; zehazki, Iberiar Penintsularen iparraldeko zohikaztegi motak izan zituzten aztergai. Taldea zientzialariek, teknikariek eta Espainia iparraldeko nahiz Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako hezeguneetan adituak diren kudeatzaileek osatua dago.
Iberiar Penintsularen iparraldean dauden zohikaztegi motak izan zituzten aztergai, eta horrekin batera, zer gako eta zer arazo dauden zohikaztegiak identifikatu eta ezaugarritzeko, kudeaketa jarraibideak, eta zohikaztegiak kontserbatu eta lehengoratzeko egin daitezkeen ekintzak. Era berean, Lugo iparraldeko mendietan dauden zohikaztegi motetako erreferentzia diren herriak bisitatu ziren, Sierra do Xistral izeneko bazterretan. Inguru hori Natura 2000 Sareko lekua da, eta bertan Europa kontinentaleko zohikaztegi laginik onena dago estalki zohikaztegietan, eta berezitasun nahiz garrantzi handia dauka biodibertsitatea kontserbatzeko. Natura 2000 Sarea, hau da, naturgune babestuen Europako sarea, lagungarria da zohikaztegi habitatak babesteko, zohikaztegien europar azaleraren zati handi bat sarean sartua baitago.
Zohikaztegien interesa
Zohikaztegiak oxigeno urriko ingurune istiltsuetan sortzen dira; gai organikoa nekez deskonposatzen da, kantitate handietan metatzen da eta zohikatza sortzen du. Garrantzi handiko habitatak dira, gizakiari zerbitzu asko ekartzen dizkiotelako, hala nola klima erregulatzea, karbonoa finkatzea, uholdeen aurkako babesa… Bertako animaliak eta landareak, gainera, bakan-bakanak dira eta oso mehatxatuak daude.
Zohikaztegiak, gainera, oso garrantzitsuak dira azterlan paeloekologikoak egiteko, hau da, ekosistemek historian zehar zer bilakaera izan duten jakiteko. Zohikaztegiak, izan ere, historiako liburu ireki bat dira, eta behar diren gakoak ematen dizkigute klima-aldaketa aztertzeko,bai eta gizakiak biosferan zer kalte eta zer eragin sortu dituen jakiteko ere.
Posted in: Albisteak
Deja un comentario (0) →