San Roque Irla

Kokagunearen izena: San Roque Irla121125_103829
Babes kategoriak: ES1120003 Parga-Ladra-Támoga BGLn eta Parga-Ladra-Támoga Balio Naturalen Babeserako Gune Berezian sartzen da
Kokagunea: Outeiro de Rei udalerrian kokatzen da, Lugo probintzian.
Eskualdea: Galizia
Erreferentziazko koordenatua: km 1 E2898N2392
Irlaren azalera: 156 ha.
Altitudea: 385 m

Ikusi mapa

 
Bere arro altuan, Miño ibaiak hainbat meandro erratiko eratu ditu azken 11.000 urteetan eta meandro horiek azkenean material terrigenoz eratutako irlak sortu dituzte. Irla horietako handiena da San Roque irla (edo Cela irla) eta guztira 5 km-ko luzera eta 220 metroko zabalera dauka.

Irlaren baldintza hidrodinamiko berezien ondorioz, kokagune honetan ekosistema higrofilo eta akuatikoetako espezie eta habitat bereizgarri garrantzitsuak aurki daitezke. Negu garaian, irlaren zati handi bat urez gainezka dago, eta, uda garaian, aldiz, ur lamina jaitsi egiten da eta irlaren gainazala errekaren ur mailatik 120-200 zentimetrora kokatzen da erdiko tartean.

Hezegunearen titularra Lugoko Probintzia Aldundia da, hark erosi baitzituen lursailak LIFE proiektu baten (LIFE 00 NAT_E_007311) garapenean. Hala, ingurumen balioen kontserbazioa eta espazioaren erabilera publikoaren aprobetxamendua ezarri zituen erabilera nagusi gisa.

Hezegune osoa Batasunaren Garrantzizko Lekua eta Balio Naturalen Babeserako Gune Berezia den Parga-Ladra-Támogan aurkitzen da. Kontserbaziorako duen interesa dela-eta, kokagune hau “Babes Gunearen” barruan kokatzen da, Galiziako Natura 2000 Sarearen Plan Gidarian ikus daitekeen bezala. Era berean, kokagune hau Terras do Miño Biosfera Erreserbaren Erdigunean guztiz sartuta dago.

San Roque irlan interpretazio zentro bat ere badago, Rábade kontzejuan. “A Casa das Ínsuas” izeneko zentro hau Asociación Galega de Custodia do Territorio izeneko elkarteak kudeatzen du eta bertan espazio honi eta San Roque irlan erabilera publikorako eskuragarri dauden ibilbideei buruzko informazioa eskuratu daiteke.

BALIORIK ESANGURATSUENAK

Berezitasuna

Landaretza akuatikoaren garapenerako leku paregabea da hau. Ibai oligotrofikoetako landaretza komunitate garrantzitsuak daude, Ranunculus penicillatus, Potamogeton perfoliatus, P. crispus, Sparganium emersum espezieak nagusi direla, Batasunaren intereseko 3260 eta 3270 habitatetako bereizgarriak. Ur ibili gozoko habitat hauekin batera beste habitat batzuk ere nabarmentzen dira, esaterako uholde baso desberdinak eta baso klimatikoak (91E0* eta 9230), baita larre higrofilo desberdinak, neurri handiagoan edo txikiagoan (6410, 6430 eta 6510); horiek guztiak irlaren barruan kokatzen direlarik.

Habitat horiez gain, erabilera aldaketen eta nekazaritza lanen indartzearen aurrean sentikorragoak diren beste batzuk ere badaude, esate baterako, urtaroen araberako erreka txikiak, irlaren barrualdea zeharkatzen dutenak, basoaren mugetako megaforbio eutrofoak (6430), altitude baxuetako segabelardi txiroak (6510), eta azalera txikiko habitat akuatikoak, ibaiaren uhaldiekin lotutako behin-behineko putzuak kasu (3110).

Kodea Izena
3110 Ur oligotrofikoak, hareazko lautadetako mineral oso gutxirekin (Littorelletalia uniflorae)
3260 Estaia muinotar eta menditarreko ibaiak, Ranunculion fluitantis eta Callitricho-Batrachioneko landaretzarekin
3270 Ertz lohitsuak dituzten ibaiak, Chenopodion rubri p.p. eta Bidention p.p.eko landaretzarekin
4020* Erica ciliaris eta Erica tetralixen gune epeletako txilardi heze atlantikoak
6410 Molinia caeruleadun larreak, substratu karetsu, zohikaztsu edo buztintsu-limotsuetan (Molinion caeruleae)
6430 Lautadako orletako eta pisu menditar eta alpetarretako megaforbio eutrofo hidrofiloak
6510 Altitude baxuetako segabelardi txiroak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)
91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsioren baso alubialak (Alno- Padion, Alnion incanae, Salicion albae)
9230 Harizti galaiko-portugaldarrak, Quercus robur eta Quercus pyrenaicarekin.

 

San Roque irla mugatzen duten ur azaleko eta lenitikoetan, kontserbazio interesa duten hainbat flora espezie ikus daitezke. Espezie horiek arraroak edo desagertzeko zorian dauden espezieak dira. Hareazko ertzen gainean Isoetes fluitans espeziearen populazio trinkoak daude, Galiziako iratze akuatiko endemikoa bera, edo Nymphoides peltata delakoa. Bi espezieak desagertzeko arriskuan daude eta Galiziako espezie mehatxatuen katalogoan sartuta daude. Tarte lasaiagoetan edo irla zeharkatzen duten kanal txikietan ere Luronium natans espeziearen populazio txikiak antzeman dira. Batasunaren intereseko espezie hau Habitaten Zuzentarauko II eta IV. eranskinetan jasota dago.

Inguru higrofiloekin lotutako beste espezietako bat, irlan aurki daitekeena, Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis da. Espezie hau, Luronium natans delakoarekin batera, kokagune honetan dagoen eta batasunaren interesekoa den espezieetako bat da. Narcissus pseudonarcissus subsp. nobilis geofito handia da (20-60 zentimetro) eta Habitaten Zuzentarauko II eta IV. eranskinetan ageri da. Iberiar Penintsularen lurraldean sakabanatzen da.

Fauna

San Roque irlan azpimarratu daitekeen faunaren artean errekako muskuilua dago (Margaritifera margaritifera), batasunaren interesekoa eta Galiziako Espezie Mehatxatuen Katalogoak desagertzeko arriskuan izendatzen duena. Irla inguratzen duten ubideetan aurki daiteke

Kokagune honetan daude, era berean, saguzarren koloniak: baratze saguzarra (Eptesicus serotinus), ur saguzarra (Myotis daubentonii), pipistrelo arrunta (Pipistrellus pipistrellus), Cabrerako saguzarra (Pipistrellus pygmaeus) edo iparraldeko belarrihandia (Plecotus auritus), horiek guztiak Habitaten Zuzentarauan jasoak.

EGUNGO EGOERA

San Roque irla eta haren inguru hurbileko irla txikiak Lugoko Probintzia Aldundiak eskuratu ditu, toki horrek gordetzen dituen habitat eta espezie desberdinak kontserbazio egoera onean zaintzeko helburu bakarrarekin. Outeiro de Reiko irla multzo honetan ibilbide ugari daude jendearen esku. Hori horrela, horretarako gaitutako bideak erabili behar dira.

Egun, eremu hau ondo kontserbatuta dago eta erreferentziazko tokia da lurralde honetatik kanpo abeltzaintza eta nekazaritza erabileraren intentsifikazioa jasan dezaketen espezieak kontserbatzeko.

KUDEAKETA ETA KONTSERBAZIORAKO ZUZENTARAUAK

Kokagune honetarako ezarritako kontserbazio helburua lortzeko, egun irla honetan garatzen diren erabilerak zaindu eta prebenitu behar dira eta ezingo da abeltzaintzaren presioa edo jarduera turistikoa areagotzea baimendu.

FOTOS ARGAZKIAK

140809_60

121125_103829

130212_115733